Gipuzkoako Hitzan gaur argitaratu duten albistea:
GURPIL GAINEKO ETXEAK, EGUNEZ
Autokarabanentzako paradisua omen da Hondarribia, batez ere behe denboraldian. Horrela ageri da arloko gidetan, eta ez da harritzekoa. Uda amaitzearekin libre izaten da Hondartza auzoko aparkalekuan sartzea, eta egiten duenak ur lerroan bertan aparkatzeko aukera izaten du, eskuinean badia eta parean Kantauri itsasoa dituelarik. Udaberrira arte jende gutxi ibiltzen da hondartza aldean, eta lotarako leku paregabea bilakatzen da aparkalekua, paradisua.
Baina aurten ezusteko latza hartu dute iraileko festen ondotik Hondarribira etxe ibiltariarekin joan direnek. Aparkatu bai, eguna pasatu bai, baina eguzkia ezkutatzearekin batera udaltzainen abisua jaso dute: “Ezin zarete hemen geratu; lotarako beste nonbaitera joan behar duzue”. Eta herrira leku bila abiatzea beste erremediorik ez dute izan orain artean. Askok, dozenakak, Zimizarga auzoa hautatu dute gaua egiteko, saihesbidearen ondoan, behin-behineko liburutegiaren —Alde Zaharrekoan lanean ari dira— eta Biteri eskolaren inguruan. Hazten ari den ingurua da, eta oraindik badago tokirik, gauez behintzat; egunez, gutxiago.
Soluzioa ez da ona izan inorentzat. Ez autokarabanentzat, ez Biteri kaleko auzotarrentzat, eta gutxiago kirol kaian zerbitzua ematen duten ostalaritza establezimenduentzat. Basque tabernako Hodei Santamariak ez du agindua ulertzen: “Neguan, aparkalekua hutsa egoten da; ez dut ulertzen zer dela-eta ez dieten uzten gauez geratzen, ez baita ia beste inor egoten. Esaten badidazu asteburuetan betetzen dela, orduan bai, arazo bat egongo litzateke, baina uda igaro eta gero hutsa egoten da aparkalekua”.
Gertatu dena interes gatazka bat izan da, nolabait esateko. Hondartzako aparkalekua kokatzen den eremua Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarena da, baina udalak kudeatzen du, bi erakundeen artean sinaturiko akordioa tarteko. Txomin Sagarzazu alkate jeltzaleak azaldu duenez, kudeaketa zehazteko aurtengo hitzarmena adostu zutenean Portu Zuzendaritzak baldintza bat jarri zuen: “Autokarabanek aparkatzeko aukera izango zuten, baina kanpatzeko ez, ezta gaua igarotzeko ere. Udaltzaingoak ohartarazi zigun zirkulazio arautegian ez dagoela horrelako terminorik, ezin dela gaua ematea galarazi, eta kezka azaldu genien, baina baldintzari eutsi zioten, eta hitzarmena bere horretan onartu genuen”.
Indarrean dagoen hitzarmen horrek zehazten du udalak kudeatuko dituela Benta zaharreko aparkalekua —Portua auzoan—, eta Hondartza auzokoak, autokarabanek gehien erabiltzen dituztenak, hareatza parekoa eta kirol gunearen atzealdekoa. Hala, udan ordainpeko aparkatzeko zerbitzua eskaintzen du udalak bertan. Jaien ondoren libre da sartzea, baina hitzarmenak indarrean jarraitzen du, eta bertan idatzita dago autokarabanek aparkaleku horiek utzi behar dituztela gauetan. Alkateak erantsi duenez, “Portu Zuzendaritzak agindu hori betearazteko” eskatu zien.
Aparkatu bai, kanpatu ez
Gaia denen ahotan dago, eta urriko ohiko osoko bilkurara iritsi zen. Abotsanitz oposizioko lehen taldeak autokarabanak arautzeko mozioa aurkeztu zuen, arazoei soluzioa emateko, batetik, eta herrian dagoen hutsunea betetzeko, bestetik. Igor Enparanen hitzetan, “azken urteetan asko handitu da autokarabanen kopurua, baina ez dago udal mailako araudirik, ezta eskaintzeko zerbitzurik ere”. Osoko bilkuran azaldu zuenez,”bi legek zehazten dituzte autokarabanen eskubide eta betebeharrak: zirkulazio legeak, estatu mailakoak, eta EAEko turismo legeak. Biek diote autokarabanek edozein autok bezala aparkatzeko eskubidea dutela, betiere, kanpatzen ez badute, hau da, azpiegitura zabaltzen ez badute”. Nonbait, Portu Zuzendaritzan ere ohartu dira horretaz, eta Sagarzazu alkateak osoko bilkuran jakinarazi zuen hitzarmena berritzeko helarazi berri dieten proposamenean jada ez dela gaua egiteko debekua azaltzen.
Horrek aukera emango die autokarabanei udazkenean eta neguan Hondartzan ezartzeko, baina udalak gehiago egin behar duela uste du Enparanek: “Ezinbestekoa da eremu bat zehaztea, denentzat egokia dena, eta bertan gutxieneko zerbitzuak eskaintzea, biltegiak betetzeko ura, edukiontziak, eta abar”.
Mozioa aho batez onartuta, Hondarribiko udalbatza osoak onartu zuen herrian autokarabanentzako udal araudia behar dutela, eta Aste Santurako neurri batzuk behintzat hartzeko konpromisoa hartu zuten. EH Bilduren ustez, beste kokaleku batzuk ere aztertu behar dira, mendialdea, esaterako: “Agian ez dugu dena hondartzara bideratu behar, agian beste kokagune batzuk aztertu behar dira, denek ez dutelako hondartza aukeratzen”, nabarmendu zuen koalizioko Lore Erriondok.
Nolanahi ere, herrian dagoen aparkatzeko leku eskasiagatik, eta autokarabana zale gehienek hala nahi dutela erakutsi dutelako, inork ez du zalantzan jartzen Hondartza auzoan zerbitzu gune bat egon beharko lukeela. Egun bada eremu bat, 170 auto aparkatzeko egokitua dagoena eta orain itxita dagoena. Alkateak gaineratu duenez, behin baino gehiagotan eskatu zaio Jaurlaritzari eremu hori: “Baina ezetz esan digute orain arte”. Hori bai, alderdi guztiek elkarrekin abiatutako bidea berriro eskaria egiteko aitzakia ona dela uste du alkateak.
Basque tabernako arduradunaren iritziz, araudi bat onartzea eta zerbitzu gune bat moldatzea, autokarabana zaleentzat ez ezik, herriarentzat ere “oso albiste ona” litzateke. “Jendeak pentsa dezake ez dutela dirurik uzten, baina ez da horrela, gutxien uzten duenak ogia eta egunkaria erosten du, eta guk asko nabaritu dugu autokarabanen booma”. Azken urteetan asko hazten ari da Hondarribia autokarabanan bisitatzen dutenen kopurua.
Iturria: http://gipuzkoa.hitza.eus/2016/11/11/gurpil-gaineko-etxeak-egunez/