Hemen irakurri dezakezue elkartearen presidenteari eginiko elkarrizketa. 2012ko udako zenbakian AEKren AIZU! aldizkarian argitaratutakoa.
“Sofa besterik ez zait falta autokarabanan”
Iñigo Sebastian Goenaga (Gorliz, 1970) Autokarabana Erabiltzaileen Sorbeltz Euskal Elkarteko presidentea da pasa den otsailetik. Duela bost urte egin zen lehendabizikoz autokarabana baten jabe. Bigarren eskukoa izan zen, koinatuak utzi eta hari erosi ziolako, baina hiru urte igarota, esperientzia gustatu eta berria eskuratu zuen, orain daukana.
Aurreneko autokarabana erosi bezain pronto, Galiziara joan zen oporretan, familia hartuta: “Lehen, landa turismoko etxe, apartamentu edo hoteletara joaten ginen, baina bagenuen autokarabanen inguruko jakin-mina. Hala ere, hasierako diru inbertsioa ez da txikia eta beti dago lehentasuna daukan beste zerbait”. Bigarren eskukoa erosita, ordea, probatzeko aukera eduki zuten, eta “hurrengoa erostea askoz ere errazagoa izan zen. Aukera handia dago eta, gustatuz gero, ibili ahala jakiten da zein den egokiena norberaren beharretarako”.
.
Sorbeltz Elkarteak sei urte eta ia laurehun bazkide ditu. Iñigo ez zen “beharragatik” bazkidetu, “hemen inguruan ez daukagulako arazo handirik, baina Espainia aldean oztopoak jartzen dizkigute aparkatzeko edo gaua pasatzeko”. Berez, autokarabanak autoen araudi bera errespetatu behar du, “baina kosta legedia aplikatzera ere iritsi dira hainbat lekutan”. Edo herrian kanpatzea debekatuta dagoela esaten diete, “nahiz eta autokarabana barruan lo egitea kanpatzea izan ez”. Kanpatzea, izan ere, ibilgailutik ateratako mahaiak, aulkiak edota beste edozer kanpoan edukitzea da. “Lege hutsuneei eta udal trikimailuei aurre egiten” saiatzen dira Sorbeltzen.
.
Bestalde, autokarabanentzako gune berezien sustapenean dihardu Sorbeltzek: “Urez hornitzeko eta ur zikinak botatzeko gunea duten aparkaleku mugarrituak nahi ditugu. Donostian, adibidez, bigarrena prestatzekotan dabiltza, Europara irteteko bidea izanik, autokarabana trafiko handia dagoelako. Frantzian, esaterako, ohitura handia dute horrela mugitzeko”. Sorbeltzek, guneetan bizpahiru eguneko epemuga jartzeko gomendatzen die udalei, batik bat kostaldeko herrietan: “Bestela, autokarabana apartamentutzat har daiteke, eta gurea mugimenduan egon beharreko turismoa da”.
Familia honek atarramentu handia ateratzen dio autokarabanari: “Oporretan ez ezik, neguan ere ateratzen gara asteburuetan, hamabostean behin. Ibilgailu mota hau aprobetxatu beharra dago, ez dauka zentzurik oporretarako bakarrik erabiltzeak”. Koadrila egina dute eta, noizbait gertatu bezala, euria barra-barra egiten badu, “autokarabanan sartu eta txokolate beroa askaltzeko!”.
.
Iñigok abantailak besterik ez dio aurkitzen autokarabanako turismoari: “Neuk aukeratzen dut, momentuan, noiz joan, noiz itzuli, sartzeko eta irteteko ordua, askatasun osoa da. Leku batera joan eta eguraldi txarra egiten duela? Bolantea hartu eta hiru ordura egongo gara eguraldi hobea dagoen beste lekuren batean. Aldiz, nonbait ostatua hartua baduzu astebete pasatzeko eta eguraldi txarra egiten badizu, izorratu zara”. Autokarabana, gainera, erosoa da, denetik duelako: “Aire girotua, labea, sukaldea, dutxa, telebista… Niri sofa besterik ez zait falta, kar, kar, kar!”.
.
Erabiltzen ez dutenean, batzuek, garajerik ezean, kalean aparkatzen dute. Halere, autokarabanak ez dira autoak bezala zahartzen: “Autoa, martxan jartzearekin hasten da balioa galtzen, baina autokarabanak ez du horrenbeste kilometro egiten, eta proportzioan ez du balioa horren arin galtzen. Normalean, jabeak ez du zahartu delako aldatzen, beste modeloren bat nahi duelako baizik”. Iñigoren ustez, turismo mota hau ez da dirudien bezain merkea: “Merkeago aterako litzaidake Tenerifen astebete pasatzea. Honekin arrisku orotarako asegurua ordaindu behar dut, zirkulazio zerga, ibilgailuaren mantentzea, erregaia, tarteka kanpinera joatea…”. Janaria, gasa, ura eta enparauez gain.
Albistearen jatorria: AIZU! aldizkaria
El pasado día 20/11 el Ayuntamiento de Donostia difundió una nota en los…
Un grupo muy amplio de Asociaciones Autonómicas de Autocaravanistas presentamos alegaciones conjuntas El…
Se inicia el verano , la estación en la que se realizan la…
Datorren asteburuan, maiatzak 10-11-12, SORBELTZeko bazkideak Bergarara joango dira. Asteburua ostiralean hasiko dugu,…
Hoy desde San Mames ha salido el primer grupo de autocaravanas con destino a Sevilla.…